Palestina euskarazko gaia

Palestina euskarazko gaia<br />

Uzta berriak
Azken hilabeteotan, Iruñeko eta Euskal Herriko liburu-dendetako apalategietan Sortaldeko herrialdeetako liburuak ugaldu egin dira. Argitalpen zaharragoen itzulpenen ondoan, lan berriak euskaratu egin dituzte formatu ia guzietan. Eleberriei dagokienez, Adania Xibliren ‘Detaile xume bat’ (Igela) 2017ko nobela euskarara ekarri berri du Aitor Blanco Leoz itzultzaileak. Istorioa artikulatzen da gertakari zehatz baten inguruan, ongi erakutsiz palestinarren kontrako okupazioa ziklikoa eta indarkerian oinarritutakoa. Blancoren arabera, “Xibliren idazkera sinplea da, tonu laua du, eta, aldi berean, baditu errepikapenak, hipnotiko izateraino; baina uste dut horrek ez duela irakurketa batere aspergarria egiten”. Adania Xibli idazle palestinarra LiBeraturpreis literatur saria jasotzekoa zen Frankfurteko Azokan, baina bertan behera utzi zuten, haren eleberria “antisemita” zelakoan.
Fikziotik kanpo, bi saiakerek ilustratzen dute Palestinako okupazioa eta gerraren izaera koloniala: Rashid Khalidiren ‘Ehun urteko gerra Palestinaren aurka’ (Udako Euskal Unibertsitatea), Iñaki Alegría Loinak itzulita, eta Perry Andersonen ‘Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz’ (Katakrak).
Poesiari dagokionez, Mohammed El-Kurd idazle eta kazetariaren ‘Rifqa’ (Katakrak) liburua euskaratu du Eider Beobidek. Bertsio elebidunean (ingelesez-euskaraz), 40 inguru poema plazaratu ditu, Jerusalemgo El-Kurden hizkun-tza gordin eta zuzena islatuz. “Palestinako poesia Palestinako historia izan da azken mendeetan. Poeta mezularia izan da, talde baten heroia eta memoria ordezkatzen duen pertsona” dio Beobidek. Palestinaren aurpegi gaztea eta garaikidea da El-Kurd, eta amona Rifqa da liburuko protagonista handienetarikoa.
Azkenik, argitalpen andana osatzeko, Astiberri argitaletxeak Joe Sacco Maltako komikigilearen ‘Palestina’ ekarri du. Zuri-beltzeko albumak kazetaritza-lan handia da, 1990eko hamarkadaren hasieran Saccok argitaratu duen obra politiko eta historikoa, Julen Gabiriak itzulita.

Euskarara beharrez
Hedoi Etxarte Katakrakeko editorearen arabera, hasieratik hasi zen erantzuna irudikatzen, ahal zen moduan. “Urriaren 8an jabetu ginen: auzi larri bat dago duela zazpi hamarkadatik. Jendeak badu atxikimendua baina beste hamaika gairekin bezala, euskaraz ia ez da deus”. Argitaletxeak ekarri dituen liburuei buruz: “Asteak eman genituen pentsatzen. Liburu onenak -Idith Zertal, Shlomo Sand, Ilan Pappé- mardulegiak ziren, baina Perry Anderson marxistarekin topo egin genuen eta azkar eta apart, New Left Review mitikoko bi artikulu ekarri zituzten itzultzaileek”. Etxartek sinisten du unibertsalismoa zeharkatu behar duela euskarak, eta alderantziz ere bai, baita Palestinako kausan ere: “Edozein gai da euskal gaia ala euskara ez da izango. Euskaldunek hamaika kezka dauzkate eta ia denak gazteleraz, frantsesez ala ingelesez asetzen eta lantzen dituzte. Palestina eta sionismoa euskal gaia da. Eta marxismoa eta trans auzia. Klima aldaketa eta prostituzioa. Migratzeko askatasuna eta perretxikoak. Kartzela eta Errusiako literatura. Hezkuntza eta ingelesezko poesia. Arkitektura eta Italiako 1970etako borrokak”.

Datorren argitalpena

Udazkenean Eyal Weizman-en ‘Forensic Architecture’ ekarriko du Katakrakek, arkitektura eta estrategia militar sionista azaltzen duen lan interesgarria.