“Ongi etorri Iruñera” zikloa martxan
“Euskarara hurbiletik eta modu dibertigarrian gerturatu nahi dugu”. Honela dio Marta Jiménezek, Lantxotegi elkarteak bultzaturiko Kabia proiektuaren partaideak. Euskaldundu ez diren Iruñerriko gazteak izan ezik, pertsona migratzaile eta errefuxiatuengana bideratu dute “Ongi etorri Iruñera” ziklo berria.
Kabia proiektuarekin elkarlanean LABA sareak jarduera sorta bat antolatu du otsailetik aurrera. Bost saiotan, bi elkarteek batuko dituzte hiztegiak, jolasak eta bizipenak euskararantz pauso bat emateko. Zikloari hasiera emanen diote otsailaren 2ko aurkezpenarekin eta lehen saio tematikoa martxoaren 15ean izanen da.
Elkarlanaren hazia
Kabia proiektua 2022ko uztailean jarri zen martxan, Lantxotegi elkarteak bultzatua. 18 eta 30 urte bitarteko gazte migratzaileen eta Euskal Herrian jaiotakoen arteko harremana sustatzeko asmoz sortu zen. Orain arte hainbat ekintza burutu izan dituzte, horien artean 2023ko maiatzean Iruñeko Alde zaharrean eginiko ginkana. Izan ere, auzoa hobeki ezagutzeko, koadrila mistoek igaro behar zuten probaz proba, LABAko kideekin topatu arte. “Egun horretan izan genuen lehenbiziko kontaktua Kabiarekin eta sumatu genuen bazegoela zerbait egiteko” diote LABAko kideek.
Identitate partekatuak
Iratxe Legarra LABAko kidea da eta Kabia proiektuan hasi zen parte-hartzaile gisa 2023an. Berari maila pertsonalean heldu zitzaion jakingura: “Hainbat konbertsazio izan ditut pertsona migratu batzuekin eta ikusi nuen ezjakintasuna zegoela euskararen eta euskal kulturaren inguruan”. Alabaina, kezka ez zela azalean geratzen dio: “Aldi berean, behin lehen kontaktu hori izanda edo gaiaren inguruan hizketan hasita, ikusi nuen piztu zitzaiela interesa, jakin-mina eta batzuetan esperientzia konpartitu batzuk”. Amazigh hizkuntzak, esate baterako, presentzia handia du Kabiako parte-hartzaileen egunerokotasunean, eta euskararen moduan, hizkuntza gutxituen arazo eta errealitateak partekatzen ditu. Identifikazioaz ari da Legarra: “Nork bere hizkuntzarekin. Nahiz eta oso urrundik etorri, identitate sentimendu bat antzematen da eta nabaritu dut ezjakintasun edota deskonexioa ez zetorrela interes ezagatik, baizik eta aukera faltagatik. Lehen hartu-emana bideratzeko zikloa sortzea ideia polita izan zitekeela iruditu zaigu”.
Zenbat gai, hainbat helburu
Enbrioi fasean, Kabia eta LABAko kideek argi dakite proiektu esperimentalak forma hartuko duela denborarekin, nahien eta beharren arabera. “Programa ez da guztiz lotuta: aurrera egin ahala osatzen joanen da. Parte hartzen duten pertsonek ere erakabi ahal izanen dituzte gai eta formatuak”. Kabiako dinamizatzaileetako bat Marta Jiménezek ez daki euskaraz eta “Ongi etorri Iruñera” zikloa aukera gisa ikusten du: “Uste dugu espazioak sortu behar direla hizkuntzen arteko loturazubiak eraikitzeko”. Izan ere, gaztelania izan ezik (zubi-hizkuntza izanen da elkar komunikatzeko), euskara zein arabiera, amazigh eta wolof adituko dira saioetan. Edukiari dagokionez, saio bakoitzak ardatz bat izanen du: transmisioa, gastronomia, harremanak eta kirolak. “Kolektibo horren kezka hori praktikara eraman nahi dugu eta ikusten dugu erronka ez dela soilik hizkuntza jendeari hurbiltzea, baizik eta haiek hizkuntzarekiko interesa sentitzea”, azaldu du Jiménezek.
▶EGUTEGIA
Otsailak 2: aurkezpena.
Martxoak 15: transmisioa.
Apirilak 12: gastronomia.
Maiatzak 10: harremanak.
Maiatzak 24: kirolak (itxiera saioa).