Nor da nor Nafarroako herri inauterietan
Errege egunaz geroztik herri ugaritan jada inauteriak ospatu dituzten arren, aurten egun nagusiak otsailaren 8tik 14ra izanen dira. Asko dira Nafarroako herri inauterietako pertsonaiak, batzuk aspaldi-aspaldikoak eta beste batzuk berriki sortuak. Hemen gida labur bat prestatu dugu oso ezagunak diren batzuekin.
Juan Carlos Etxegoien ‘Xamar’, idazle eta ikerlariak ‘Biziaroak. Herri kultura’ bere liburu berrian azaltzen duenez: “Dudarik gabe, ihauteak sustrai sakoneko ospakizunak dira, probableki historiaurreko nekazal munduan sorturik eta oinarrizko kezkarekin loturik, esan nahi baita, biziraupenarekin: gosetea saihesteko uzta ona segurtatzea, izaki gaiztoak egoztea, eritasunak, are heriotza ekiditeko, eta abar”.
Inauterien adierazpenak ugari dira eta haietako zenbaitetan panpin bat erretzen da: Miel Otxin (Lantz), Judas (Adios), Judas eta Judesa (Abartzuza), Aldabika (Lizarra), Txantxagain (Noain-Elortzibar), Aierbeko Lukas (Burlata) edota Txolin (Berriozar), besteak beste.
Horren zergatia Xamarren liburuan aurki dezakegu: “Erritual baten aurrean gaude eta, sortu zelarik, pentsamendu magikoak eguneroko bizitzan garrantzi handia zukeen. Honen arabera, zerbaiten irudiari egiten zitzaiona, irudiari ez ezik, izanari ere gertatuko zitzaiolakoan zeuden. Horrela, erritual hauek zerbait gerta dadin (ala ez) konjuroak zitezkeen. Badirudi herriko zoritxar guztiak (ekaitzak, tximistak, uzta txarrak, sorginak…) eta, batez ere, gosetea idurikatzen dituela panpinak. Behin errerik, makur horiez guztiez libre geldi zitekeelakoan herria”.
Lantzeko Miel Otxin, Ziripot, Zaldiko, Txatxoak eta Ferratzaileak
Miel Otxin lastoz egindako hiru metro inguruko erraldoia da. Zaldiko zaldi-pertsona da. Gorputza belar eta iratzez trinkotutako zakuan sartua duen pertsonaia zatarra da Ziripot. Txatxoek jantzi koloretsuak eta eskuan erratza edo makila dutela, aurpegia estalita eramaten dute eta buruan koloretako kapela konikoak. Ferratzaileak hiruzpalau izaten dira. Gorputza zakuzko telaz estalia izaten dute eta beren lanbideari dagokion tresneria erabiltzen dute. Inauteri asteartean Miel Otxin lapurra plazara eramaten dute, Txatxoez inguraturik eta han epaitu egiten dute. Tiroz hil eta lurrera botatzen dute erraldoia. Zatitu eta sua egiten dute bere gorputzarekin. Ondoren, zortzikoa dantzatzen dute suaren inguruan
Altsasuko momotxorroak
Horrelako itxura dute pertsonaia beldurgarri hauek: bizkar-larrua; atorra zuria, maukak bilduak eta besoak zein aurpegia, gorriz margotuta; buruan saski bat aldeetan adar handi bana erantsirik eta zaldi ileak; gerrian eta bizkar larrua bilduz, uhalak joareekin, zalaparta handia sortzen dutenak; eskuan sardea, beldurgarriagoak izateko. Hainbat karrikatan barna ibili ondoren, kalejirara Juantraposo, Maskaritak, Akerra eta Sorginak batzen dira.
Lesakako zaku-zaharrak
Plazaren alde batean dagoen lasto tontor batetik lastoa hartuz, zakuak bete eta horrela janzten dira. Ondoren, kalez kale ibiltzen da zaku-zahar taldea, lerroan martxan doala eta musika lagun dutela. Lerro buruak makil luze bat izaten du eskuan eta beste bat lerroko azkenak. Puxikak eramaten dituzte eskuan eta batera eta bestera indarrez astintzen dituzte. Aldian behin gelditu eta fandangoa dantzatzen dute zaku-zaharrek, besoekin, oin astun horiek altxatu ezinean.
Ituren eta Zubietako joaldunak
Urtarrileko azken asteburuaren ondorengo astelehen eta asteartean inauterien heldueraren berri ematen dute, gerrian lotuta dituzten joareak astinduz. Buruan tunturroa dute koloredun zinta eta lumekin apaindua eta isipua eskuineko eskuan, zaldi buztaneko ilez egina. Europa osoan aurki daitezke antzeko kasuak. Adibidez, Kantabrian eta Asturiasen Zamarraco eta Zamarro daude, Almiuretan (Guadalajara) Botarga eta Mascaritak, Bulgariako Perni herrian ere joaldun antzeko batzuk daude, Sardiniako Mamuthones…
Unanuko mamuxarroak
Kamiseta eta praka estu luze zuriak, gerriko beltza edo gorria eta zatak jantzita doaz. Aurpegia metalezko antzinako katolez estalia eramaten dute eta kaskabiloz jositako larruzko zinta gurutzatzen dute paparrean. Gainera, eskutan zigorra dute, belaunetik behera ikusleen hankak berotzeko erabiltzen dutena. Unanuko karriketan aurrera eta atzera ibiltzen dira, korrika, parean duten guztia berotzen. Mamuxarroak desagertu ondoren, elizako atarian musika eta auzatea izaten dira. Indarrak hartuta unanuarrek etxez-etxe abiatuko dira, puska biltzea egin eta horrekin afaltzeko.