Icono del sitio Revista Ze Berri?

JULEN VILLAREAL. hizkuntza gutxituen aktibista

Yasmine y Julen Villareal

JULEN VILLAREAL. hizkuntza gutxituen aktibista

Esti Martinez Diaz de Cerio

2023ko uztailaren 17tik 21era, Hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topaketaren (HIGA) 4. edizioa egin zen Gasteizen. Han izan zen Yasmine Khris, gure kolaboratzaile berria, eta bertan ezagutu zuen Julen Villarreal gazte uhartearra.

Julen Villarreal hizkuntza gutxituen akitibistak Senegalen eta Bolivian egin zuen lana, eta Gasteizen elkartu da nazioarteko hainbat komunitatetako hiztunekin.

– Zer nolako esperientzia izan zen HIGA?
– Lehenbizikoz parte hartu nuen eta oso esperientzia berezia izan zen. Uste dut ez dudala sekula horrelakorik egin. Gainera ez nuen espero horren garrantzitsua izanen zenik niretzat. Beste parte-hartzaile batek (ekpeye hizkuntzaren hiztuna, Nigeriakoa) motibatu ninduen eta egundokoa izan da. Orain gehiago nahi dut.

– HIGA zure profilarentzat ez zela izanen pentsatzen zenuen. Zergatik?
– Hizkuntza-aktibismoari dagokionez eta arriskupeko kulturen aldeko lana egiterakoan, beti akzioa izan da motibatu nauena. Zentzu horretan iruditzen zait gaur egungo aktibismoa etiketa “merkea” dela. Holako konferentzietan, akzioak baino hitzak izaten du protagonismoa. “Teklatuko aktibismoa” deituko nuke. Aldiz, HIGAri eman nahi dizkiot eskerrak aktibista “beteagoa” egiteagatik. Lana partekatzeak, ikasteak, konferentzian parte hartzeak edota sare sozialak elikatzeak osaten dute akzioa.

– Beste hiztunen testigantzak entzunda, zer piztu zitzaizun?
– Esanen nuke gure arteko interakzioak zirela gehiago konferentzietatik at. Hor anitz jende multikultural eta munduko parte-hartzaile guztiekin sentitu nuen mundu mailako talde baten parte nintzela. Sentsazio bikaina izan zen, zinez berezia. Adibidez, nire alde batean Ekuadorreko kide bat nuen, bestean Nigeriako bat eta aurrean Okinawa (Japonia) uharteko bat.

– Euskararekin lotuta, nola baloratu zenuen gure hizkuntzaren panorama?
– Nire aktibismoa ez da zuzenean euskaraz zentratzen, nik Senegalen eta Bolivian lan egin izan baitut batez ere. Halere, argi da egoera latzagoa dela beste zonalde batzuetan. El Salvadorreko hartzaile batek azaldu zigun bere komunitateak sufritu zuela genozidio bat zenbait astetan, eta milaka jende erail zutela indigenak izateagatik. Honek hunkitu ninduen.

– Beraz elkartasuna gakoa da?
– Oro har, hizkuntza gutxituei dagokienez, nire ustez benetako laguntza estatuetatik heldu behar da. Aktibismoa eta elkartasuna baloratzen dira, jakina, baina estatuek babestu beharko dute osasuna, hezkuntza edo garraioa bezala, problematika handi gisa. Bestalde, gaurko errealitatea ontzat emanez, aktibisten artean sareak lortzea bikaina da eta, hain zuzen ere, HIGA ederra izan zen. Segitzeko aukera izanen dugu, hiztun gazteak gara eta etorkizuna ere bada.

– Aholku bat hizkuntza gutxitu bat ikasten ari direnentzat?
– Egonen dira uneak zeinetan etsipena nagusitzen den, bidea ez baita erraza, eta ailegatzen ahal gara galdetzera geure buruari honen zergatia. Gure hizkuntza bizirauten lagundu zutenengan pentsatzen dut, baina, aldi berean, ez dut uste militanteegia izan behar denik. Izan ere, bada arrisku bat: hizkuntza militantziaren sufrimenduari edo gorabeherei lotuz gero, hizkuntza bera kutsatzen duzu. Nik euskararekin izan dut maitasun harremana, baina gorrotoa ere bai noizbait.

MOTZEAN
Gehien harritu zaituena?
Antolatzaileen kuraia, umore ona, ilusioa eta energia positiboa.
Deskubrimendu bat?
Pertsona guztiak altxortxoak dira, haien bitartez beste mundu batzuk irekitzen baitzaizkit.
Gehien gustatu zaizuna?
Taldetxo bat sortu genuela kontaktuan jarraitu ahal izateko.
Ikasteko hizkuntz bat?
Nire hizkuntza talde gogokoena Khoisan hizkuntzak dira.
Hitz bat HIGA deskribatzeko
Komunitate globala.

 

Salir de la versión móvil