JULEN PORTILLO, tiktoker eta oholtza gaineko umoregilea

Julen Portillo

Julen Portillo Garcia (1994, Zarautz) umoregilea da eta TikToken hasi zen umorezko bideoak grabatzen. Gutxi izango dira plataforma horretan berarekin topo eginda, barre egin ez dutenak. Gaur egun sareetatik oholtza gainera egin du salto eta bakarrizketa saioak egiten ditu.

Umorea egiten hasi zinen TikToken eta orain taula gainean zabiltza beste batzuekin batera stand up saioak egiten. Zer da umorea zuretzat?
Errealitatea ikuspegi ezberdin batetik begiratu eta honi aurre egiteko modu bat.

Tiktokerra, umoregilea, komikoa.. nor da Julen Portillo?
Julen Portillo 29 urteko Zarauztar bat da, non, egunerokotasunean bere lana duen.

TikToken euskaraz umorea egiten hasi zinen. Zenbaiten ustez euskaraz sortzea sortzailearen kalterako da ez delako publiko handira iritsiko.
Egia da bideoak euskaraz egiteak jende kopuru zehatz batentzat bideoak egitea dela, hau da, euskaraz dakitenek bakarrik kontsumituko dute zure edukia. Hori horrela izanik, ez dut esan nahi euskarak mugatu egiten zaituenik ezta gutxiago ere… Euskaraz egiteak ate gehiago zabaltzen dizkizu Euskal Herria mailan.

Gero eta gehiago zarete umorea euskaraz egitera eszenatoki gainera igotzen zaretenak. Nola bizi duzu prozesu hori?
Pozez eta aldi berean egia esan tentsio puntu batekin. Ematen duena baino maila altuagoa dago eta horrek “pilak jartzeko” balio izan dit.

Gainera… umoreak gai potolo asko jorratzeko aukera ematen ditu. Nolakoa da ikusleen harrera?
Euskal Herriko ikusleek azala oso fina dute eta askotan ez da erraza gai batzuk lasaitasun osoz plazaratzea… Ez gaude ohituta Euskal Herrian stand up-a kontsumitzera eta hori asko nabaritzen da.

Euskal Herrian ez ezik, Madrilen eta Bartzelonan jendaurrean aritzeak zer suposatzen du?
Nik argi daukat, printzipioz behintzat, Euskal Herritik kanpo ere emanaldiak euskaraz egingo ditudala, beraz, kanpoan gure hizkuntzan emanaldia egiteko aukera izateak niretzat sentsazio oso aberasgarria da baina, aldi berean, uste dut ez garela kontziente zer den hori.

Bukatzeko, zer esango zenioke umoregilea izan nahi, baina ausartzen ez den pertsona bati?
Ez dut nahi topiko batzuetan erori baina… oholtzara igotzeko esango nioke. Hau da, urduritasuna, beldurrak, segurtasunik eza… hori beti izango dugu gurekin baina behin oholtza gainean zaudela, jendea aurrean duzula eta mikrofonoa eskutan… ez duzu atzera bueltarik eta aurrera egin behar duzu. Hasierak gogorrak izaten dira beti baina horretarako hasi egin behar da.

GOMENDIOAK

Liburu bat: George Orwell – 1984.
Pelikula bat: Kingsman.
Telesail bat: Malviviendo.
Podkast bat: Galdedebalde (@galdedebalde).
TikToker bat: Nister.
Umoregile bat: Raul Cimas.
Burura etortzen zaizun txiste bat: Noiz hasiko da Janusen kontzertua? Lester.