Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute, urteko Literaturako Nobel saria irabazitako idazlearen lan bat itzultzeko erabiliko dena. 2020an Suediako Akademiak Louise Glück poeta estatubatuarrari eman dio Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua idazle horren “The Wild Iris” poema-liburua itzularaztea da. Antolatzaileek proposatutako lagina euskaratu beharko dute parte hartzaileek. Lanak aurkezteko epea 2020ko abenduaren 20ko gauerdian amaituko da. Irabazleak 1.500 euroko saria irabaziko du “The Wild Iris” itzultzeko. Lan amaitua 2021eko irailaren 31 baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean.