Icono del sitio Revista Ze Berri?

Iruñeko III. Bertsopaper lehiaketa

Bertsolaritza eta bertso jarrien idazketa bultzatu eta sustatzeko helburuarekin, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak Bertsopaper Lehiaketa berria antolatu dute. Hiru kategoria ezarri dira, eta horietako bakoitzean, hiru sari. Nafarroan jaio edo Nafarroan bizi diren egileek hartzen ahal dute parte. Lanak aurkezteko epea ekainaren 30ean amaituko da. Aurkeztutako lanek gai eta neurri librea izanen dute, euskaraz idatziak izan behar dute, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Halaber, bertsoen doinua zehaztu beharko da.

Kategoriak eta lanen ezaugarriak
A kategoria:
. 2009an edo ondoren jaiotakoak
. 2 bertso gutxienez, 4 gehienez
B kategoria:
. 2005 eta 2008 urteen artean jaiotakoak (biak barne)
. 4 bertso gutxienez, 8 gehienez
C kategoria:
. 2004an edo lehenago jaiotakoak
. 12 bertso gutxienez, 16 gehienez (elkarrekin nolabaiteko batasuna osatu beharko dute).
A eta B kategorietan egileek hiru bertsopaper aurkeztu ditzakete gehienez ere. C kategorian lan bakarra aurkezten ahalko dute. Aurkeztutako lanek gai eta neurri librea izanen dute, euskaraz idatziak izan beharko dute, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Ezinbestekoa da bertsoen doinua zehaztea. Lanek, gainera, ezinbestean bete beharko dituzte oinarrizko kalitate irizpideak.

Sariak
A kategoria: 1. Saria: 150 euroko kultura-bonoa. 2.Saria: 100 euroko kultura-bonoa. 3.Saria: 50 euroko kultura-bonoa.
B kategoria: 1.Saria: 350 euro. 2. Saria: 200 euro. 3. Saria: 150 euro.
C kategoria: 1. Saria: 1.500 euro. 2. Saria: 1.000 euro. 3. Saria: 500 euro.

Kultura-bonoak dendetan trukatu daitekeen txartel baten bidez ordainduko dira. Parte-hartzaileek beren lanak eta datuak aurkeztu beharko dituzte parte hartzeko, botoi honen bidez sar zaitezkeen inprimaki bat betez:

PARTE-HARTZE FORMULARIOA

Epaimahaia Amaia Telletxeak, Joseba Beltzak eta Saioa Alkaizak osatuko dute, Nafarroako Bertsozale Elkarteak izendatuta. Sari-banaketa 2022ko udazkenean izanen da.
Saria nori eman behin ebatzi eta gero, saritutako lanak ezin izanen dira aurkeztu inongo lehiaketatara, ezta inongo saririk jaso ere. Behin saria ordainduta –sariari berari dagokion diru-ordaina baino ez da jasoko–, egileek saritutako lanak argitaratzeko baimena emango diete Iruñeko Udalari eta Nafarroako Bertsozale Elkarteari, lehiaketa ebatzi eta urtebeteko epean.
Halaber, C kategorian lehenengo saria jasotzen duen egileak baimena emango die Iruñeko Udalari eta Nafarroako Bertsozale Elkarteari saritutako lanean oinarritutako emanaldi edo ikuskizun berri bat ekoizte aldera, lehiaketa ebatzi eta urtebeteko epean, egileak sariari berari dagokion diru-ordaina baino jasoko ez duelarik.
Lehen argitalpena edo ekoizpena egiteko izan ezik saritutako lanak ustiatzeko eskubide guztiak zein bere egilearenak izango dira.

Informazio gehiago: Bertsozale Elkartea.

Salir de la versión móvil