HITZAZTANAK= hitzak + laztanak

“Bakea eta Bizikidetza lantzen duten Liburutegiak” izeneko programa garatzen ari da Nafarroako 51 liburutegi publikotan ekainetik irailaren amaierara arte. Liburutegien Zerbitzuak eta Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuak lankidetzan abian jarritako ekimen honen helburua da elkarbizitza errazten duten komunikatzeko moduak sustatzea. Horrela, indarkeriarik gabeko komunikazioa, entzute aktiboa, enpatia, aniztasuna, arrazakeria, transexualitatea, identitateari errespetua eta baloreen bidezko heziketa lantzen ari dira haur eta gaztetxoekin bederatzi tailer desberdinetan, euskaraz eta gaztelaniaz. Hauetako bat “Hitzaztanak” deitzen da. ‘Hitzak’ eta ‘laztanak’ elkartzetik datorkio izena eta bi kontzeptu hauek konbinatzearen ondorioak dira, hain zuzen ere, haurrekin lantzen ari direna. Izaskun Mujika aktorea zen saioaren gidaria.
GALDERAK
1. Nori idatzi diozu eskutitza?
2. Zuri zer gustatzen zaizu entzutea?
3. Zer gustatzen zaizu esatea ingurukoei?
Haizea
Haizea Ibar Fuertes

1. Nire izeba Amaiari idatzi diot eta hor esaten diot oso jatorra dela eta berarekin oso ongi pasatzen dudala. Nik uste dut pozik jarriko dela. Hau nire bizitzan idatzi dudan lehen gutuna da. Ongi hitz egiteko eta haserrea kontrolatzeko moduaz aritu gara tailer honetan. Izaskunek ipuin bat kontatu digu eta gero beste bat asmatu dugu argazkien bidez. Eskutitzaren marrazkiak egitea da gehien gustatu zaidana.

2. Maite nautela entzutea gustatzen zait, adibidez.

Iker
Iker Arriada Gurutxarri
  1. Lagun bati idatzi diot eskutitza. Aitor Jimenez du izena. Nire laguna denez, batzuetan parke batean gelditzen gara eta galdetu diot ea egun batean gelditzen ahal garen nire etxean.
  2. Ingurukoei batzuetan esaten diet oso polita zara, oso arropa polita daukazu, oso pertsona polita zara, zer ona dagoen bazkaltzeko prestatu duzuna… Gauza txarrak esanda jendea tristatu egiten da.
Nerea
Nerea Sánchez-Arevalo Rivero
  1. Joango naiz bere etxera lo egitera eta jarri diot oso ongi pasako dugula.
  2. Gustatzen zait entzutea oso polita naizela, oso begi politak edo zer arropa polita dudan eta zer ongi margotzen dudan.
  3. Aitari esango nioke, adibidez, oso polita dagoela ilea moztu duelako, eta amari esango nioke ea parkera joaten garen jolastera haiekin nagoenean oso gustura nagoelako beti. ​
Alexis
Alexis Jiménez Ahechu
  1. Nire amari idatzi diot. Sabiñe du izena eta esaten diot asko maite dudala. Uste dut pozik jarriko dela.
  2. Niri gustatzen zait lagunei esatea «Jolastu ahal duzu nirekin?» edo «Ahal duzu joan nire etxera?» edo «Ahal duzu joan parkera?» eta gustatzen zait esaten didatenean polita naizela, begi politak ditudala edota ongi jolasten dudala. Bereziki ona naiz futbolean eta asko gustatzen zait esaten didatenean ongi aritzen naizela. Etxera iritsi eta aitonari eta amonari maite ditudala esango diet.