Icono del sitio Revista Ze Berri?

‘HAURREN AURREAN HELDUOK HELDU’ dinamika urrian iritsiko da herri eta auzoetara

Haurren aurrean helduok heldu

‘HAURREN AURREAN HELDUOK HELDU’ dinamika urrian iritsiko da herri eta auzoetara

Haurren aurrean helduok heldu

Urriaren 19tik 29ra ‘Haurren aurrean helduok heldu’ aktibazio eta sentsibilizazio ekimen honen bigarren edizioa eginen da. Hamar egun hauetan 0 eta 12 urte bitarteko haurren guraso, zaintzaile eta hezitzaileei hizkuntza-praktikak aldatzeko eta euskara gehiago erabiltzeko gonbitea eginen zaie. Euskaraldian bezala, aktibazio soziala eta euskararen erabilera erdigunean jartzea bilatzen du Topaguneak bultzatutako dinamika honek

Euskaraldiaren edizio batetik bestera, ariketa erraldoi honetan herritarrek emandako urratsei eustea, urrats progresiboak ematen jarraitzea eta herritar gehiago aktibatzea dira lan ildo honetako zio nagusiak. Ekimen honek txinparta pizgarri izan nahi du, ikasturte hasieran, gurasoen arteko hizkuntza praktikak euskarara indartu daitezen hurrengo aste eta hilabeteetan.

Iñaki Sagardoi eta Jon Zapata Nafarroako Topaguneko kideek azaldu diguten bezala, ariketak irauten dituen hamar egun horietan “baliabideak eman eta ekintzak proposatuko dizkiegu guraso eta zaintzaileei, euren arteko euskararen erabileran eragiteko eta umeekiko hizkuntza eredugarritasuna bultzatzeko. Helduen hizkuntza ohiturek umeengan duten eraginaren kontzientzia piztu nahi dugu.” Gurasoak, zaintzaileak, begiraleak, entrenatzaileak, aisialdiko eragileak eta, oro har, haurrekin egoten diren heldu euskaldun guztiak daude deituak parte hartzera. Aktibazio soziala da estrategia honen helburu nagusia eta hau lortzeko giltzarriak “sentsibilizazioa, ahalduntzea eta saretzea” izanen dira. Hori dela eta, herri eta auzoetan tokian tokiko batzordeek diseinatu eta antolatutako dinamika multzo bateskaintzea da proposamena.

Eremu fisiko hurbiletan
Ariketa nagusiki, helduak eta umeak elkartzen diren inguru informaletan eginen da: parkeak, eskola kanpoaldea eta plazak. Baina ez dira horietara mugatuko: “Espazio hauez gain, ekimena etxeetara iristea ere lortu nahi dugu.” Ikasgeletatik at euskararen erabilera ikusgarri egitea da dinamika honen beste helburu funtsezkoetako bat.

Helduok eredu gara
Helduok askotan ez diogu garrantzia handirik ematen gure arteko hitz egiteko moduari haurren aurrean gaudelarik, baina adituek ohartarazi egiten dute gure hizkuntza portaerak izan ditzakeen ondorioez, Topagunetik azaldu diguten bezala: “Haurrek hizkuntza ez ezik, hizkuntza erabiltzeko gizarte arauak eta mintzairen arteko hierarkia ere barneratzen dituzte. Hau da, haurrak hari zuzenean egiten zaion modutik ez ezik, ingurukoek beren artean egiten duten modutik ere ikasten du hizkuntza eta berau erabiltzeko arau soziala (norekin bai, norekin ez; noiz bai, noiz ez; non bai, non ez; zertarako bai, zertarako ez…). Hortaz, hizkuntza portaeretan haurrekiko eredugarritasuna zaindu nahi bada, haiei zuzenean egiten zaien modua ez ezik, haien aurrean egiten den hizkuntza jarduna ere aintzat hartu beharko da.

ARAU SOZIAL BERRIAK
«Arnasgune soziofuntzionalak sustatu nahi ditugu. Askotan heldu euskaldunen arteko elkar ezagutza lehen urratsa izaten da, bereziki auzo berrietan. Hortik aurrera hamaika ideia sor daitezke eta gu prest gaude auzo eta herri guztietara joateko behar diren azalpenak eta laguntza ematera.” “Arau sozial berri batzuk proposatzen ditugu: euskaldunak euskaldunekin euskaraz aritzea, lehenengo hitza euskaraz edo ulertzen duenari beti euskaraz egitea. Helduok eredugarri garen heinean, haurren aurrean horrela jokatzen badugu haiek ere gauza bera eginen dute etorkizunean.”

Salir de la versión móvil