GARESKO ESKOLAKO zenbait herritako haurrekin solasean

​Garesko eskola publikoak 3 eta 12 urte bitarteko 411 ikasle ditu, horietatik 230 D ereduan, Gareskoak eta inguruko herrietakoak. Haien patio zabal politera joan gara eta Añorbeko Udane, Ziraukiko Oihan, Garesko Aimar eta Mañeruko Nahiarekin aritu gara solasean bi gai nagusiren inguruan: Oihanek eta Udanek azaldu digute nola ari diren prestatzen Zizurko institutura heldu den ikasturtean eginen duten trantsizioa eta Nahiak eta Aimarrek aurkeztu digute birziklapen eta jasangarritasunaren inguruan egiten ari diren lana

GALDERAK
1. Nola ikusten duzu laster institutura joatea?
2. Nolakoa da zure herria?
3. Zer proiektu ari zarete egiten hondakinen inguruan?
4. Janariaren inguruan zer ikasi duzue

Oihan Pascual Izko

Oihan Pascual Izko

1. Beldur pixka batez txikienak izango garelako. Gu Zizurko institutura joango gara eta niri etxetik oso gertu gelditzen zait. Egun hauetan saio berezi batzuk egin ditugu hango Erreniega eskolako neska-mutilak ezagutzeko eta oso jende jatorra iruditu zaigu. Aldaketa handia izango da. Hemen txikitatik izan gara eta oso ongi tratatu gaituzte beti.

2. Ziraukin aldapa asko dago eta jende asko. Asteburuetan parkean jolastu edo frontoira joaten gara eta han futbolean edo beste kiroletan aritzera edo paseo bat ematera joaten gara.

Udane Etxarte Urabaien

Udane Etxarte Urabaien

1. ​Hurrengo ikasturtean aldaketa oso handia izango da. Hemen pasa ditugun urteak oso onak izan dira. Beldurrez eta nagi pixka batez ikusten dugu, horregatik proiektu bat egin dugu aldaketa hau lantzeko. Hemen Zizurko eskolako 70 bat ikaslerekin bildu ginen. Patioan jolas batzuk egin genituen eta gero Garesen barna buelta bat ematera joan ginen.

2. Txikia eta aldapatsua. Nire adineko jende gutxi dago. Hala ere, Añorben gutxi ateratzen naiz asteburuetan Lezaunera joaten naizelako eta han bai dudala koadrila. Gazte asko dago eta giro polita. Buelta bat ematera joaten gara, patinatzera, udan piszinetara…

Udane Etxarte Urabaien

Nahia Martinez Martinez

3. Birziklapenari buruzko lan bat egiten ari gara Mankomunitatearekin. Ikusten badugu norbait zerbait lurrera botatzen esaten diogu hori ez dela egin behar. Batzuetan kasu egiten digute eta besteetan ez. Garesko dendetara joan gara galdetzera ea birziklatzen duten eta denek esan digute baietz. Beste egun batean Garesko garbigunea ikustera joan ginen, baina nahiko toki berezia zen.

4. Soberan gelditzen den janaria gorde egin behar da beste egun batean jateko edota beste pertsonei eman. Hemen jantokian biltzen dugu janaria beste hiru eskolarekin batera, proiektu batean eta Gizarte Zerbitzuei ematen diegu. Niri gehien gustatzen zaidana dilistak dira.

Aimar Argiñano Varas

Aimar Argiñano Varas

3. Zabor bila atera gara herrian eta batzuetan eskolan ere bai. Lurrean dauden zaborrak biltzen ditugu. Egun batean ikusi genuen zabor bat lurrean eta ondoan zakarrontzi bat. Hori ez da egin behar. Guk ez dugu lurrera zaborrik botatzen. Dendaz denda joan ginen galdetzen ea hondakinak birziklatzen dituzten. Baietz esan ziguten eta gainera farmazian piruletak eman zizkiguten. Beste egun batean Azkoienera joan ginen han dituzten zakarrontziak eta gauzak ikustera.

4. Janaria ez dela bota behar eta plastikoak eta zaborrak ere ez direla edonora bota behar. Kanta bat sortzen ari gara eta ikasturte bukaeran estreinatuko dugu. Niri ere dilistak gustatzen zaizkit eta arroza. Eta postrerako jogurta.