FLOP KULTURA. edo mamarratxeoaren zilegitasuna
Albina Stardust eta Divina Comedia drag queenen gibelean dauden bi artisten eta Euskalerria Irratiaren artekoa benetako match bat izan da. Dragaren eta LGTB kolektiboaren iruditeria eta erreferentzialtasuna plazaratzeko nahiari beharrezko agertokia eskaini dio irrati iruindarrak.
Agertoki ireki eta libre bat, inolako muga edo marra gorririk gabekoa, non bi protagonistek nahi duten ororen inguruan hitz egin dezaketen. Arrakalarik gabeko elkarketa horretatik sortu da ‘Flop Kultura’, Eneko eta Danelek definitzen duten moduan, mamarratxeoaz hitz egiten duen bideo-podcasta.
Baina zertaz ari gara mamarratxeoaz ari garenean? Denboraldi honetan daramatzaten 23 kapitulutan zehar, azken hamarkadetan tele-zaborra deitutakoaren lehen lerroan egon diren reality showak, sare sozialak, 2000ko komedia telesailak, Paris Hilton, Taylor Swift, Drag Race, YouTuberen urrezko aroa, La Pelopony edo Gipsy Rose izan dituzte hizpide. “Askotan, gizartean gutxietsi diren gai asko guk baloratzen ditugunak dira”, azaldu du Enekok. “Gertatzen da mundu guztiak kritikatzen duela ‘Sálvame’ eta, aldi berean, mundu guztiak ikusten duela ‘Sálvame’. Eta nire ustez, Leticia Sabater Shakespeare baino interesgarriagoa izan daiteke”.
Podcastaren helburua bi modutara definitu daitekeela azpimarratu du Danelek. Erantzun azkarra, “gure gauzez hitz egitea eta ondo pasatzea”, litzateke. Erantzun “intentsoa”, aldiz, “euskal kulturaren zintzotasun eta garbitasunarekiko obsesioren intentsitatea pixka bat jaistea” da, “erakutsiz badagoela entretenimendu mundu bat guztiz legitimoa, mamarratxeoan, tontakerietan edo beste mailako faktoreetan oinarritzen dena”. Hala, euskal kulturan dagoen zintzotasunarekiko “obsesio” hori guztiz ulergarria eta zilegi ere badela adierazi du aurkezleak, izan ere, “gure kultura babesteko behar handia izan dugu iraganean”. Hala ere, zurruntasun hori “pixka bat askatzeko” garaia badela nabarmendu du.
Gizartearen zati batentzat guztiz apartekoa den erreferentzialtasun mundu hori plazaratzeko toki egokia aurkitu dute irratiaren mikroen eta kameren aurrean, hala. Eta arrakasta berehalakoa izan da. Eneko eta Danelen jarraitzaileei, dagoeneko 35 urte bete dituen irrati iruindarraren entzulegoa batu zaizkie. “Espero genuena baino erantzun zabalagoa eta anitzagoa izan dugu”, dio Enekok. “Eta guri esker erreferentzia asko ezagutu dituztela esan digute”. Podcastaren lehenengo kapituluan zioten bezala, “denek ez dute zertan jakin Samantha Hudson nor den”. Beste kontu bat da, hori bai, Stonewall zer den ez jakitea. “Normandiako lehorreratzea aipatzen baduzu, denok dakigu zertaz ari garen”, adierazi du Danelek. “Baina Stonewall ez, hori ez delako denon historia, soilik batzuena baizik”. LGTB mugimenduaren hasiera markatu zuen gertakari hartaz ere aritu izan dira ‘Flop kultura’n, kolektiboarentzat ezinbestekoak diren beste gai askoren artean.
Maiz, gonbidatuak ere izan dituzte saioan. Orain artekoan, animal printez jantzitako mahaian solaskide izan dituzte Yogurinha Borova, Imanol Aparicio, Iñaki Rubio, Izaro, Xarma Leone eta Ane Lindane, besteak beste.
Asteartero atal berri bat plazaratzen da Euskalerria Irratiaren dialean zein webgunean, baita Spotifyko kanalean ere. Ez galdu, beraz, ‘Flop kultura’, flop-etik (porrota) edaten duen eta guztiz bop-a (arrakasta) den bideo-podcasta, umorea, entretenimendua eta erreferentzialtasun mundu oso bat zain baitaukazu bertan.