Euskarazko IRAKURKETA taldeen loraldia
Josune, Kontxi, Mikel, Karlos eta Koldo, Arangurengo irakuketa taldeko kideetako batzuk
Ugari dira Ze Berri?-ren esparruan azken urteotan sortu diren irakurketa taldeak. Batzuk Euskara Zerbitzuek edo Liburutegi Publikoek antolatutakoak: Arrosadia, Sanduzelai, Zizur Nagusia, Zaraitzu, Erronkari, Uharte, Barañain, Antsoain, Aurizberri, Mendillorri, Sarriguren, Agoitz eta Nafarroako Liburutegia, adibidez. Beste batzuk, aldiz, elkarte eta eragile desberdinek bultzatutakoak dira, Zaldiko Maldiko, Katakrak edo Civicanekoa, esate baterako. Ikasturtea hasita egon arren, edozein unetan eman daiteke izena haietako askotan parte hartzeko.
Angel Erro idazlea San Frantzisko, Burlatako eta Civicaneko liburutegietako taldeetako koordinatzailea da. Bere ustez “loraldi moduko bat” gertatu da euskarazko taldeen artean azken urteotan: “Talde hauek aspaldian hasi ziren, Zaldiko Maldikon eta beste elkarte batzuetan ere, erdarazko taldeen ildoari jarraikiz. Azken zortzi edo bederatzi urte hauetan taldeen kopurua handitu da eta horretan zerikusirik izan dezakete hainbat udaletan izan ziren aldaketek eta baita abian jarri diren dirulaguntzek ere.”
Zer bilatzen duen irakurleak talde hauetan galdetuta, hau da Errok nabarmentzen duena: “Jende gehiagorekin irakurtzea akuilu moduko bat izaten da irakurzaleentzat. Atsegina da eta gustatu zaizuna eta gustatu ez zaizuna partekatzeko abagunea. Batzuetan liburu baten inguruan zenuen iritzia aldatzen duzu.”
Civicanen urriaren 10ean eman diote hasiera ikasturteari Aritz Galarragaren ‘Gogoan dut’ lanarekin. Hurrengo hitzorduak dira ‘Bar Gloria’ , Nerea Ibarzabalena, azaroaren 7an eta ‘Walden’, Henry David Thoreau-rena, abenduaren 19an.
Arangurengo irakurketa taldea
Ikasturte honetako irakurketa talderik goiztiarrena Arangurengoa izan da. Irailaren 28an hasiera eman zioten denboraldiari Kultur Etxean Uxue Alberdiren ‘Dendaostekoak’ lanarekin. Aurten 26 urte bete dituen Arangurengo Irulegi Euskara taldeak bultzatzen du talde hau, bertako liburutegi publikoaren laguntzaz.
Duela zortzi urte inguru hasi zen biltzen Mutiloan talde hau, hasieran Jon Alonso idazlea koordinatzaile zutela. Mikel, taldeko kide eta koordinatzaileak azaldu digun bezala, talde honetan mota guztietako liburuak hartzen dituzte: “Ez dugu gai berezi bat jorratzen, eleberri beltza edo itzulpenak, adibidez. Liburutegi publikoen sareak zerrenda bat prestatzen du eta guk hautatzen dugu nahiago dugun liburua. Gero liburutegiak behar ditugun aleak maileguan uzten dizkigu.”
Orain arte Joseba Sarrionandiaren ‘Gizon izoztua’, Uxue Alberdiren ‘Jenisjoplin’ edo Patxi Larrionen ‘Feriatzaileak’ irakurri dituzte, adibidez. “Askotan gertatzen da oso irakurketa desberdinak egiten ditugula, eta tarteka idazleak gonbidatu egiten ditugu gure saioetara, posiblea denean. Oso interesgarria da jakitea noiz, nola eta zergatik idatzi zuten lan bakoitza. Lagun giroan irakurtzen eta komentatzen dugu dena” azaldu digute. Taldea irekia da eta parte hartu nahi duenak liburutegian bertan eman dezake izena edozein unetan.
Katakrak eta Zaldiko
Katakraken ere euskarazko lanak mintzagai hartzen dituen talde bat elkartzen da hilean behin. Aurtengo lehen hitzorduak dira: urriaren 20an George Orwellen ‘1984’, azaroaren 17an Assata Shakur-en ‘Autobiografia bat’ eta abenduaren 15ean Irene Nemirovskiren ‘Suite Frantsesa’.
Zaldiko Maldiko elkartean Irakurriz dibertitzen gara izeneko irakurle taldea abian jarri zuten aspaldian eta hilean behin biltzen dira Sagrario Aleman euskaltzainaren gidaritzapean.