Icono del sitio Revista Ze Berri?

ERROIBARKO haurrekin solasean Erroko eskolan

haurrekin solasean Erroko eskolan

ERROIBARKO haurrekin solasean Erroko eskolan

Ze Berri? Txiki - Erro

Erroibarko Aintzioa, Ardaitz, Bizkarreta-Gerendiain, Erro, Esnotz, Lintzoain, Loizu, Orondritz eta Zilbetiko haurrak joaten dira Erroko eskola txikira. 27 dira denera herri hauetatik datozen haurrak eta kopurua txikia izan arren, pozik daude azken urteotako populazio galera eten egin delako bailaran.

Duela 14 urte eskolan lau ikasle baino ez zeudela, familiek lortu zuten eskola hau berpiztea D eredua ezarriz eta jantoki zerbitzua eskainiz.

Zeru Prieto de Laparte

Eskolaz: «Gurea eskola txikia da. Bi solairu ditu, psikogela eta parkea. Denera 27 ikasle gara. Niri gehien gustatzen zaidana denbora librea da. Lan bat bukatzen dugunean denbora librea uzten digute eta orduan kartetan aritzen gara edo margotzen. Chromebookak ere erabiltzen ditugu batzuetan musika bideoak ikusteko, adibidez. Orain nire klasean proiektu bat egiten ari gara gure abizenen inguruan. Bilatu behar dugu informazioa eta armarria. Eskulanak ere asko gustatzen zaizkigu. Orain hasi gara puntu egiten eta negurako bufandak egingo ditugu. Eskolako zuzendaria banintz matematika kenduko nuke eta denbora libre gehiago eta parkour egiteko pista bat jarriko nuke.”

Herriaz: “Nire herria txakurren herria da. Kontatu nituen eta badira 30 gutxienez. Eta hori ehiza txakurrak kontatu gabe…”

Saioa Villanueva Beaumont

Eskolaz: “Beheko solairuan txikienak eta lehenengo eta bigarren mailakoak daude eta beste guztiak goian. Hemen proiektuka lan egiten dugu. Gu egiten ari gara turismo gida moduko bat irakasle berriari Erro nolakoa den erakusteko. Nik kontatuko nioke bi jauregi zeudela, Erro bi aldiz erre zela eta horrelako gauzak. Zuzendaria banintz festa asko egingo nituzke eskolan.”

Herriaz: “Nire herrian badugu txoko berezi bat: etxola bat dugu nire etxearen atzealdean. Udazken honetan onddo piloa hartu ditugu. Asko oparitu diegu familiako guztiei eta izozkailua bete-betea dugu.”

Hodei Auzmendi Zubillaga

Eskolaz: “Ni taxiz etortzen naiz eskolara eta etxetik zortziak laurden gutxitan ateratzen naiz. Abizenen proiektua egiten ari gara eta horri esker jakin ahal izan dut garai batean nire familia aberatsa omen zela. Haiek harrizko etxeetan bizi ziren, adibidez, besteak buztinezko etxeetan bizi ziren bitartean. Gorputz heziketa da gehien gustatzen zaidana. Taekwondoa, futbola, korrika, bizikleta eta frontenisean aritzea gustatzen zait. Zuzendaria banintz orain jarri duten parkea kenduko nuke eta jarriko nuke lehen zegoenaren antzeko bat. Zabuak eta eskalatzeko tokiak bazeuzkan eta oraingoa baino dibertigarriagoa zen.”

Herriaz: “Nire herrian frontoi itzela dugu baina arazoa da ni naizela herriko haur bakarra eta amarekin edo aitaren lagun batekin jolasten naiz.”

Lizar Redín del Río

Eskolaz: “Ni bizikletaz etortzen naiz eta egunero txakur txiguagua bat ateratzen zait bidera eta nire atzetik etortzen da kasik honaino. Niri gustatu zait animalien inguruan egin dugun proiektu bat. Nirea zen otsoa eta haragijalea da. Asko gustatzen zaizkit otsoak baina ez dut inoiz alerik ikusi Erron ez dagoelako. Erron behiak, zaldiak, basurdeak… daude. Nik bi txakur eta bi katu ditut. Lehen San Bernardo bat genuen eta behin, ni txikia nintzenean, bizkar gainean eraman ninduen zaldi baten modura. Zuzendaria banintz futbolin bat jarriko nuke.”

Herriaz: “Erron badago mendi bat onddo piloa dituena. Eta sekretua da. Onddo asko hartu ditugu aurten.”

Salir de la versión móvil