Denboraldi berria abiatu da Euskalerria Irratian
Irailak ikasturte berriaren hasiera dakar berarekin, eta ez bakarrik haur eta gazteei dagokienez. Hedabideei ere denboraldi berriari ekiteko tartea heldu zaie. Hala, soineko berria estreinatuko dute askok, baita Euskalerria Irratiak ere. Metropoli Forala eta Irrintzi Plaza magazinetan, albistegietan eta bideopodcastetan ahots berri eta ezagun asko adituko ditugu.
Irailaren 16an ekin zion Iruñerriko euskaldunen komunitatearekin eta komunitatearen-tzat jarduten duen irratiak, nafar hiriburuko bihotzetik, Alde Zaharretik bertatik, egin zuten pisu turistikoen inguruko saio berezi batekin.
Aurten izen berriak aurkituko ditugu mikrofonoetan. Reyes Ilintxeta kazetariak, 32 urtez atsedenik gabe jardun ondoren, urtebeteko atsedenaldia hartuko du eta haren ordez Unai Lako kazetariak gidatuko du arratsaldetako magazina, erran gabe doa, artikulu hau sinatzen duenarekin batera. Ilintxetak berak nabarmendu bezala, ez da behin betiko agurra izanen, irratiari lotuta jarraituko baitu astronautak espaziontziari nola. Hala, haren eskutik etorriko da Irrintzi Plazaren sekzio berrietako bat: Irratiko SeÑorak. Ez da izen makala ikuspegi kritikotik asko izanen duen tarte baterako.
Musikari ere tarte berezia eskainiko zaio aurten arratsaldetan, Erreberb sekzioaren eskutik. Hala, Leire Martinez Erize, Iker Zia, Julen Arbizu ‘Raimundo el Canastero’ko laguna eta beste hainbat arituko dira tarte honetan. Musika bakarrik ez, literatura ere izanen da solasgai aurten, Irati Jimenezek irekiko duen Lerro galduak atalean. Iruñe Astizek sare sozialak astinduko ditu A bilduan, Bakarne Atxukarrok Gizalaba gehiago berreskuratuko ditu, Julen Linazasorok egungo teknologien inguruan hausnartuko du, Gontzal Agoterekin zinema kartelerari errepasoa egingo zaio, telesailez eta genero ikuspegiaz arituko da María Castejón… Kulturak eta egungo gizartea zeharkatzen duten gai nagusiek beren lekua izanen dute Irrintzi Plazan.
Hauek ez dira denboraldi honetan Iruñerriko irratiak izanen dituen bakarrak, doike. Guztira, jakintza alor, belaunaldi eta joera ideologiko ugariko 200 kolaboratzaileak parte hartzen dute haren programazioan: esaterako, Metropoli Forala goizeko magazinean denboraldi osoan kolaboratuko dute, besteak beste, Abel Barriola eta Mikel Idoate pilotari ohiek, Aingeru Epaltza eta Patxi Zabaleta idazleek, Nerea Perez Ibarrola historialariak eta Edurne Egino sendagileak.
Iruñerria Goizetik albistegiak Maialen Huartek zuzenduko ditu, 7:50, 8:20 eta 8:50ean. Eguerdiko Iruñerrian Gaur albistegiak, berriz, Haritz Pascual izanen du gidari. Biotan jardungo du Bidane Belokik. Albistegiotan iritzi emaile ariko dira, besteak beste, Bakartxo Ruiz, Jokin Castiella, Isa Egiguren, Joseba Ezeolaza eta Idurre Eskisabel. Xedea, Nafarroa Garaiko hiriburuko erakundeek sorturiko informazio ofiziala biltzeaz gain, euskaldunon hiri buruzagiko errealitate sozial eta kultural emankorraren berri ematea.
Halaber, astelehenetan 15:00etatik 16:00etara, Eñaut Agirrebengoak Kirolerria saioa eginen du. Eñautek berak eginen du Osasunaren etxeko partiden kontakizuna, Ane Martiarenarekin batera.
Bideopodcasten aldeko apustua
Joan den denboraldian martxan jarritako bi bideopodcastek bigarren denboraldia urriaren batean hasiko dute. Danel Pascualek eta Eneko Garciak Flop Kultura saioa eginen dute astean behin, pop kulturari umore birrintzailez erreparatuta. Ion Celestinok eta Amets Aznarezek musika, filosofia eta ironia uztar-tzen segituko dute, Irratiak ordaintzen digu trena saioan. Azaroan beste bi bideopodcast jarriko dituzte martxan, baina oraindik ezin da deus aurreratu.
Audio podcastak auzolanean ekoiztuko ditu Euskalerria Irratiak. Hirugarren urtez jarraian, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin elkarlanean, zinema fantastikoari buruzko Konpainia karrikako amesgaiztoa plazaratuko du, Santi Leonek eta Jaume Gelabertek gidatua. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia Graduarekin auzolanean, Zertarako hau ikasi? aireratuko dute, Irune Bueno Delgado, Irati Garcia Etxeondo, Olaia Garcia de Amezaga Lizarraga, Edurne Turrillas Bueno eta Irati Zurbano Zuazu historialarien eskutik.