Aldatu gidoia euskararen alde!

Aldatu Gidoia ekimena

Fikzioak iruditeria kolektiboa sortzeko eta hizkuntza normalizatzeko duen garrantzia eztabaidaezina da. Hori dela eta ‘Aldatu Gidoia Euskararen Alde’ izeneko kanpaina herritarra abiatu dute euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza “zabal, duin, eguneratu eta erakargarria” izan dadin eskatzeko.

Kanpaina honen sustatzaileek irailaren hasieran sinadura bilketa martxan jarri zuten Change.org plataforman eta dagoeneko 2.270 sinadura baino gehiago lortu dituzte. Euskalgintza, kultura, hezkuntza, ikus-entzunezko, komunikazioa, sindikatuak zein bestelako alorretako kide eta eragile ugarik kanpainarekin bat egin dute. Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari zuzendutako mezua bildu du sinadura bilketa kanpaina honek. EITBz harago, zinema eta streaming plataformetan zein Sarean, euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza zabal, duin, eguneratua eta erakargarria osatu eta publikoari eskuragarri jar dezala eskatzen zaio. Datorren urteko maiatzaren 18an, “euskara eta euskarazko kultura oinarrizko eta ukaezinezko zutabe izango dituen Euskal Irrati-Telebista Publikoaren” aldeko mobilizazioa egingo dute Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren aurrealdean.

PRIMERAN plataformatik harago Ikasturte hasierarekin EITBk

PRIMERAN plataforma martxan jarri du. Bertan euskaraz ekoiztutako eta bikoiztutako ikus-entzunezkoez gozatzeko aukera dago. Hala ere, Aldatu Gidoia ekimenetik, EITB Euskal Herria osorako jardutea eskatu dute: “Ildo estrategikoetan eta eguneroko lanean, Euskal Herria, euskara eta euskal kultura ardatz izatea”. Hori oinarri izanda, bi urtean, haur eta gaztetxoei zuzendutako edukietara bideratutako aurrekontua progresiboki handitzea eskatzen dute. Horretaz gain, euskarazko bikoizketa urtean 1.500 orduko produkzio-mailara itzultzea eskatzen dute eta, ildo horretatik jarraituz, bikoizketa arloko lan-harremanak erregulatuko dituen hitzarmen kolektiboaren alde lan egitea. Finean, EITBk ikus-entzunezko lanak finantzatzeko darabilen diru-partidaren % 75 euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenak laguntzera bideratzea lortu nahi dute, euskararen presentzia bermatu eta eduki zein formatu ezberdinak euskaraz kontsumitzeko aukera egoteko.

Streaming plataformak eta bideojokoak

Euskarazko kulturari zein sortzaileei EITBk lehentasunezko espazioa bermatzea eskatu dute Aldatu Gidoia ekimenetik, bai eta gutxieneko kuota batzuk ezartzea ere. Era berean, bideojokoen alorrean euskararen presentzia bermatzeko, sortzaile zein garatzaile direnei bideratutako dirulaguntzak martxan jartzea aldarrikatu dute, besteak beste.

Irisgarritasunari begira

Ikus-entzunezkoek azpidatzi egokituak izateak eta streaming plataformetara helarazteak berebiziko garrantzia dauka inklusioaren eta hizkuntza-normalizazioaren ikuspegitik. Entzumen urritasuna duten pertsonek ere euskaraz bizitzeko eta euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzeko eskubidea duten heinean, azpidatzien erabilera politika diseinatu eta hauen erabilera orokortzea funtsezkoa dela adierazi dute.

Sareko edukia

Sare sozialetan euskararen presentzia bermatzea funtsezkoa izango da, euskaldunok plataforma hauek euskaratik eta euskaraz kontsumitzeko aukera izateko. Hori horrela, Aldatu Gidoia ekimenetik, plataforma hauetan dauden euskarazko sortzaileak eta lanak ikusgarri egiteko politikak abian jartzea eskatu dute: “Sare sozialetan eta plataformetan euskarazko proiektuak sortzeko dirulaguntza publikoak bideratzea. Plataforma horietan euskara hizkuntza-aukera gisa bermatzeko eta euskara hizkuntzaren arabera edukiak iragazteko eta bilatzeko aukera izateko lan egitea”.