Esteribarko Gargarintxo LUDOTEKA

Gargarintxo ludotekak Esteribarko Zubiri eta Ollokin ditu lokalak. Duela 26 urte zabaldu zituen ateak eta duela ia 20 urte, 2004ko apirilean, Zubiriko Kiroldegiaren ondoko egoitza nagusia mustu zuten. Izena San Gargarinetik datorkio, azaroaren 1ean Zubirin San Gargarin ospatzen baita eta haurrak etxez etxe joaten dira goxokien bila “San Gargarin, castañas por aquí” esanez.

Ikasturtean zehar arratsaldez zabaltzen da ludoteka Zubirin eta Ollokin astelehenetik ostiralera eta opor garaietan ere goizez antolatzen dira tailerrak. Pasa diren Eguberrietan 21 neska-mutil aritu dira gustura Zubirin, hiru monitorerekin, Iraia, Katixa, Adur eta Jonek adierazi diguten bezala.
Iraia Arrieta Mangado
Iraia Arrieta Mangado

“Gargarintxo bada gnomo txiki bat nahiko bihurria, Olentzero eta Mari Domingiren laguna, eta txirula edo tronpeta antzeko bat jotzen duena. Ludoteka irekita dago urte osoan. Hemen oso ongi pasatzen dugu lagunekin. Gauza asko egiten dugu: eskulanak, jolas librea, margotu, mahai-jolasak… Udan igerilekuan ere ibiltzen gara, hemen bertan dagoelako eta igeriketa eta jolasak egiten ditugu.

Gargarintxoko zuzendaria banintz tailer gehiago antolatu eta hormairudi gehiago egingo nituzke. Irudi polit bat dugu dagoeneko, baina tokia dago margo gehiago egiteko”.

Adur Arrieta Mangado
Adur Arrieta Mangado

“Gehien gustatzen zaidana hemen ludotekan futbolean jolastea da. Gurasoak lanean ari dira eta bitartean gu hemen oso gustura gaude.

Udan batzuetan joaten gara errekara bainatzera eta besteetan Zubiriko piszinara eta lagunekin egoten gara.

Larrasoañatik erromes asko pasatzen dira eta batzuetan asko daudenez, aterpea betetzen denean, joaten dira lotara frontoira. Ni musikan hasiko naiz heldu den urtean eta gustatuko litzaidake bateria jotzea.

Gargarintxoko zuzendaria banintz kanpoan jolasteko gauzak eta parke bat jartzea eskatuko nuke”.

Katixa Gastesi Iturri
Katixa Gastesi Iturri

“Niri asko gustatzen zait eskulanak egitea. Gauza pila egin dugu egun hauetan, adibidez pop it bat. Bada eva gomaz egindako xafla bat burbuilak dituena eta barrura eta kanpora bultzatzen dituzunak. Estresatzen zarenean joko honekin lasaitzen zara. Honetaz gain bi zuhaitz egin ditugu, oso politak.

Ludotekara etortzen gara ikasturtean zehar arratsaldeetan eta baita opor garaietan ere: Eguberrietan, Aste Santuan, udan… gurasoak lanean ari direnean eta guk eskolarik ez dugunean. Etortzen gara ahal dugunean beste aktibitateak ere baditugulako. Gehienok musika ikastera joaten gara. Nik, adibidez, zeharkako txirula jotzen dut.

Gargarintxoko zuzendaria banintz mahai bat handia eta erosoa jarriko nuke, propio eskulanak egiteko”

Maider Alzueta Sancet
Ione Diaz de Garaio Figols
“Gargarintxok opariak ekartzen dizkigu Eguberrietan. Lehengo egunean utzi zigun eskutitz bat. Hor jartzen zuen kiroldegira joan behar genuela opariak bilatzera eta 19 opari zeuden guretzat. Garagarintxok baditu 26 urte, iaz ospatu genuelako haren 25garren urteurrena. Lehen zegoen Aintzane izeneko monitorearen aita idazlea da eta berak egin zuen ipuin bat.

Ni txikiagoa nintzenean etortzen nintzen astean zehar, baina gero koro batean hasi nintzen kantatzen eta utzi behar izan nuen. Orain pianoa joten dut hemengo musika eskolan eta heldu den urtean pianoa eta zeharkako txirula joko ditut.

Gargarintxoko zuzendaria banintz kanpoan kirol gehiago egiteko aukera eta materialak jarriko nituzke. Eta landare gehiago izatea ere gustatuko litzaidake, bakoitzak berea izateko eta zaindu ahal izateko”.