IRABAZI ARTE futbolean matxismoa deseraikitzen

IRABAZI ARTE<br />
futbolean matxismoa<br />
deseraikitzen

Primeran lehen euskarazko streaming plataforma iritsi da. Bertan eskainitako euskarazko eduki interesgarrienei erreparatuta ‘Irabazi arte’ telesaila nabarmendu behar da. Kirola eta, honen bitartez, nesken artean sareak egiteko gaitasuna eta garrantzia dira telesail honen ardatz nagusiak.

Beharra bazegoen eta, azkenean, iritsi da. Dagoeneko martxan dago lehenengo euskarazko streaming plataforma. EiTBren azken urteotako apustu handiena da Primeran, eta abiatu denetik plataformara igo diren lehenengo ekoizpenak ikusteko aukera izan dugu. Denborak esango du, aditzera eman den bezala, euskarazko ekoizpenen aldeko apustua ere argia izango den edo asmo kontu batean soilik geldituko den.
Oraingoz, bertan aurkitu daitezkeen gazte eta ez hain gazteentzako euskarazko eduki interesgarrienei erreparatu diezaiekegu. Horien artean dago, zalantzarik gabe, ‘Irabazi arte’ telesaila, 2021ean Donostiako Zinemaldian aurkeztu ondoren 2022ko hasieran estreinatu zena. Plataforman, telesail arrakastatsuaren lehenengo denboraldi osoa aurkitu daiteke eta laster estreinatuko da bigarrena.
Institutuko ikasleei zuzendua, herri txiki bateko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean girotua dago eta azken boladan denen ahotan dabilen gai bati heltzen dio, hain zuzen ere: emakumezkoen kirolari, eta kasu honetan, zehazkiago, nerabezaro betean dauden nesken kirolari. Abiapuntutik argi dago zein izango den trama nagusia: Arene beste herri batetik berriki etorri den neska futbolzalea da, eta bere helburua institutu berrian nesken futbol talde bat osatzea izango da.
Julene Aranburu eta Maite Duque dira Javier García de Vicuñak zuzendutako telesailaren gidoilariak, Pausoka ekoiztetxearen beste telesail oso arrakastatsu baten talde berdina: ‘Go!azen’ musikalarena. Aranburuk telesailaren aurkezpenean argitu zuen moduan, honen helburua topiko batzuk desmuntatzea ere bada: “Sortzaileen eta ikusleen heldutasuna aurreikusten dugu. Institutuko pertsonaien arketipoak, gaiztoa, ikasle onarena, gelako guay-ena eta ez hain guay-ena, lausotu edo gainditu egin dira”. Aranburuk ‘Sex education’ jartzen du horren eredutzat, Netflixeko telesail ikusienetako bat, nerabezaroa eta sexualitatearen gaiari modu irekian eta erreparorik gabe heltzen diona.
Kasu honetan, alta, ez da sexualitatea gai nagusia, baizik eta kirola eta, honen bitartez, nesken artean sareak egiteko gaitasuna eta garrantzia: “Futbol talde bat, azkenean, familia moduko bat da, aukeratzen ez duzuna. Futbolean aritzea da elkartzen dituen arrazoi bakarra, ez dute aurretik elkar ezagutzen, ez dira lagunak. Baina helburu berdin baten bueltan elkartzen dira. Ikuspegi feminista batetik, elkarrekin indartsuagoak garenaren ideiarekin jokatu dugu”.
Lehenengo denboraldian hau izan da aktore taldea: Sua Enparantza, Iker Galarza, José Ramón Soroiz, Ane Iturrate, Nahia Sillero, Ane Garmendia, Ainhoa Azpitarte, Joana Garitano, Aritz Basterra, Ibai Ugarte, Ander Rovira, Álvaro Garayalde, Patricia Urrutia, Tessa Andonegi eta Eriz Alberdi. Bigarren denboraldian hiru pertsonaia berri sartuko dira jokoan: Angela Lopez, Alaitzen paperean; Ugaitz Amundarain, Keparen paperean; eta Iñigo Gastesi, Urkoren paperean.

ERREALITATEAREN ISLA

Telesailak inguratzen gaituen errealitate bat nabarmentzen du: futbolean matxismoa oso sustraituta dago. Telesailaren kasuan ez da zuzenean ateak ixten dituen matxismo bat, neskei futbolean aritzea eragotziko diena, baizik eta aitakeriatik edaten duen matxismo bat, kirola egitea ahalbidetu arren euren lorpenei balioa kenduko diena neskak mutilen futbolaren itzalpean mantenduz. Egiten utziko diete, laguntzarik eman gabe. Huts egiten utziko diete, gai ez direla esan ahal izateko. Kirolaren baitan oraindik deseraikitzeko eta eraikitzeko asko dagoela nabarmentzen duen telesail bat dugu, beraz, ‘Irabazi arte’.