Andrea Gonzalez, edukien sortzailea

Iruñe @arkkuso gure kolaboratzaile berriak Andrea Gonzalez aurkeztu digu. Andreak dioen bezala, natural azaltzen da bere profilean eta berarentzat naturala euskaraz eta euskalkian hitz egitea da.

– Zuk Youtubera bideoak igotzen dituzu…
– Youtubera bideoak igotzen ditut bai, hasiera batean bideoak astero igotzeko asmoarekin hasi nintzen, komunitate bat sortu eta ohitura hartzeko, baina lan nekeza da. Astero bideo bat sortzeko ideia bat izan, grabatu, editatu eta Youtubera igo. Ostean, beste sareetan promozioa egiteko edukia sortu eta argitaratu. Urte bat ia astero bideoak argitaratzen egon ostean, lasaiago hartu dut, kalitatezko edukiak igo nahi ditut, jendeari interesatu eta gustatuko zaizkionak.

– Zu zeure euskalkian aritzen zara Youtuben eta beste sare sozialetan…
– Bai, hala da, euskaraz hitz egiten dut nire sare sozialetan horrela ateratzen zaidalako. Natural azaltzen naiz nire profilean eta niretzat naturala hori da, euskaraz eta euskalkian hitz egitea. Askok eskertzen dute euskaraz delako baina beste batzuk euskalkia ez dutela ulertzen ere esan izan didate.

– Hala ere, askok uste dute Youtuben, beste sare sozialetan eta Sarean, oro har, ez dagoela euskarazko edukirik…
– Jendeak hori uste du, baina nik uste dut ez dutela sareetan euskarazko eduki sortzaileak bilatzeko esfortzurik egin. Egia da ez daudela horrenbeste euskarazko eduki sortzaile, gaztelaniaz edo ingelesez sortzen dutenekin alderatuta, baina egon badaude, bagaude.

– Era berean, euskara hutsean edukia sortzeak kaltegarria dela uste dute beste askok…
– Ikuspuntuaren arabera. Basoa erdi hutsik edo erdi beteta ikusten duenaren kasu bera da. Askoren ustez soilik euskaraz sortzeak leku askotako ateak ixten dizkizu, publiko zabalago bat, marka batzuekin kolaborazioak egiteko aukera… Beste alde batetik ikusita, zuk zeurea defendatzen baduzu, kasu honetan, guk euskara defendatzen dugun bezala, beharbada ez duzu hiztun gehiago dituen hizkuntza batean sortzen duenaren besteko audientzia izango baina baliteke komunitate sendo eta fidelago bat lortzea.

– Etorkizunik al dago?
– Guk, euskaldunok, nahi badugu badago etorkizunik. Euskarazko edukia sortu eta partekatzearekin bakarrik euskararen arnasgunea zabaltzen ari gara. Euskaraz edozer sortu daiteke eta edozeren inguruan hitz egin daiteke.

– Zer behar da euskarazko edukia zabaltzeko?
– Gogoa eta euskarazko edukietan sinestea. Gaur egun edonork dauka mugikor bat edo interneterako sarbidea. Norberaren profiletik edukia zabaldu eta nahi izatekotan sortu ere egin daiteke, beraz uste dut zabaltzen ari garen horretan sinestea besterik ez dela falta.

– Eta bukatzeko, gaur egun zein sare sozialetan topa zaitzakegu?
– Zaila da sare sozial bakarrean egotea. Gaur egun plataforma guztietan edo askotan egon beharra duzu eta plataforma sare bakoitzerako eduki desberdin mota bat sortu. Nik, ordea, ez diet arreta berdina eskaintzen sare sozial guztiei, ez dudalako nahi eta ez daukadalako denborarik. Instagramen nabil gehienbat, Youtuberako bideoak ere sortzen ditut, baina lan handiagoa eta edukia ere kalitate handiagokoa izatea eskatzen dute. Instagram eta Youtuben profilak izateaz gain, Tiktoken eta Twiterren ere baditut.

GOMENDIOAK?

Liburu bat:
Mi Isla – Elisabet Benavent
Pelikula bat:
This is England – Shane Meadows
Telesail bat:
Les de l’hoquei
Youtuber bat:
Judith Tiral
Tik toker bat:
Elemelonsv
Twitzlari bat:
Ez dot Twitch kontsumitzen…
Instagramer bat:
Paula Blas
Podkast bat:
Kabala